2014/03/20

BURDINEZKO HARRESITIK BIDE ONEAN


Burdinezko Harresian Karraderan I. Mendi lasterketa ez da kirol proba hutsa izan. Burdinezko Harresia aitzaki, Euskal Herriaren historia, beraz, gaur egungo jendartea eta bizimodua ulertzeko ezinbestekoak diren gertakariak ekarri dituzte gogora Larrabetzu 1937 kultur-elkartearekin batera.




 Burdinezko Harresian Karraderan mendi lasterketaren bitartez, gure herriaren historian mendiek izan duten garrantzia nabarmendu genezake, 1936ko altxamendu faxistari aurre egiteko lagun izan genituelako, Bizkargin zein Intxortan, Oizen zein Gaztelumendin.
 
 
 

Kirolaren aitzakiapean, historia eta kultura lantzea izan dute helburu eta hori guztia ahalik eta herritar gehienei helaraztea beraien erronka.

Lasterketa honen berri izan nuenean,barruak harrotu zizkidan helarazi nahi zizkiguten balio eta historiarengatik .Etxean ia sekretu eta hasieran kontatu ezin ziren historiak entzun izan ditugu gure aiton amonen ahotatik. Hainbat pasadizo krudel, gure gaixoaldietan aldamenean jarrita kontatzen zizkigutenak.

Kuriotsitatez , haurtzaroko inozentzian eta beraien sufrimenduan erreparatu gabe,momentu latz haiek berriz biziarazten genizkien gure galdera eta zalantzekin...






Horrela ospatu zen pasa den larunbatean Burdinezko Harresian Karraderan mendi lasterketa.



Goizean goiz esnatu eta gosaldu osteko furgonetako berriketak utzi eta taldekide dudan Atharratzerekin dortsal bila joan ginen. Betiko lagunak agurtu, aldatu eta beroketa egiteko prestatu ginen.



EEEH!!! QUE VAN HA SALIR!!! entzun genuen halako batean balkoi batean zegoen gizon batek esana...Berriketan irteerara berandu... ez da lehenengo aldia eta ezta azkena izango!! gainean geneukana korrika batean Loreri eman eta han joan ginen irteerara. Aurreskua eta irteera!!! Aurretik 31,3km 1700m D+.




Hasiera neutralizatua izan da baina bereala jarri dira aurrean lasterketa irabazteko faborito nagusiak, beraien artean lanetik jarraian etorritako Jabi Olabarria eta bere herrikide den Joseba Urbano.



Erritmo bizia jarri dute eta berehala zatikatu da 300 laguneko taldea, ni nahiko ondo sentitu naiz eta aurreko taldean noa, lehenengo 14 kmak azkarrak dira eta ibilbidea nahiko gorabeheratsua. Azkar oso azkar egin ditugu km hauek, larrabetzun tarteko helmuga dago eta 1h eta 5 minutuko denbora markatu dut buruarengatik 5 minutura. Hor hasi naiz konturatzen agian azkarregi hasi naizela. 10. pasatu naiz eta gogorragoa den 2.zatia egitera noa burutapen horrekin.
Argazkia:Iosu Garai





Bigarren zatia ere lasterketa osoa bezelaxe korrika bizi egitekoa da, tarte tekniko handirik ez dago eta indarrezko jaitsierak, eman beharrekoak dira gehienak. Ni hauetan ez naiz oso ongi moldatzen erritmoa hartzea kostatzen baitzait eta kmak aurrera joan ahala posturen bat galdu dut. Azkarregi hasi naizen burutapena bueltaka darabilkit eta Bizkargirako azken igoeran erritmo motelean noala iruditzen zait eta nere irudipenak egi bihurtzen dira atzean korrikalari batek Gaizka Barañanok azken metroetan pasatzen didala ikustean,13.pasatu naiz.







Gainean kuadrillakoak daude animatzen, ederra izan da momentua... gaineko ikurrinen artetik eta lagunen animoekin beherantzako bideari ekin diot gogoz eta nere terrenoan sartzen naizela pentsatuaz pozik. Hasierako jeitsiera tentea da eta berehala pasa dut Gaizka...



Bnga Iokin Hurrengoaren bila!!pentsatu dut nere barrurako.. Ai inuxentea!!! Berehala aldapa behera tentea zena, aldapa leuna bihurtu da eta orduantxe hasi dira nire komeriak, indar falta somatu dut eta erritmoa falta zaidala konturatu naiz. Gaizkak berehala harrapatu nau eta gure atzetik zetorren Axier urdanpilleta Oñatiarrak ere harrapatu gaitu. Biek berehala egin dute aurrera eta nik ez dut beraiekin joateko ahaleginik ere egin. Makal noa abiadura ezin hartuz, aldapa behera dena niri gora egiten zait.Asfalto madarikatua!!!



Azken kman sestao taldeko beste korrikalari batek harrapatu eta pasatu dit eta nahiko penaz jarraitzen dut aurrera.



Azkenean helmuga.




Nahiko penaz bukatu dut, lasterketa erditik postuak galdu eta bukaerako sentsazioak ez direlako oso onak izan. Hala ere nire denbora ikusi, 25.kman egindako denbora ikusi eta lasterketa pixkat hotzean analizatu ostean, nere helburu nagusietarako bide onean noala konturatu naiz.




Asteburu honek denboraldirako baliagarriak izango diren balio oso garrantzitsuak erakutsi dizkit.




GAINDITZEKO GRINA: gure arbasoek zoritxarrei aurre egin eta gainditu zituzten moduan, guk ere grin honekin gure helburuak lortzeko lan egingo dugu.



SENIDETASUNA: elkarlanak eta elkartasunak indartsuago egiten gaitu. Talde giroan,lagunen laguntzaz, eta familiakoen maitasunaz ziur disfrutatuko dugula.

Argazkia:Iosu Garai


BEGIRUNEA: iraganari, memoriari eta inguruari.Mesedez ez dezagun gal dukagun altxorra!