2013/07/22

GARAIPENAK 1000 AURPEGI !!!!



 
Denboraldiko bigarren helburu nagusiaren aurrean gaude G2H. Ilusio haundiz egin dugu oñatitik Beasainerako bidaia, Aizkorriren ondoren egindako 3 lasterketak podiumean amaitu ditut eta honek motibatu egiten du, badakigu gaua ondo joaten bada nahiko aurrean egon naitekeela. Hala ere oso berria naiz ultratrailen mundu honetan eta honek ere errespetu eta kezka pixkat sortzen digu.


Bartulo eta anoa postuetako janari guztia ondo ordenatu ostean irten gara Oñatitik Lore, Mare, Mikel eta laurok, besteekin (aitta, aitzi, ima) Beasainen elkartuko gara. Beroaren ondorioz gure etxea oso beroa izaki ez dut behar bezela deskantsatu, ezin izan baitut siestarik egin baina hala ere gogoz nago bidai berri honetarako.

Aparkatu eta dortsala hartu ostean afaldu egin dugu denok furgonetan, bero dago eta hezetasun handia eta honek ondo hidratatzera behartzen gaitu.

 Ekaitza etorri da eta zaparrada ederrak bota ditu giroa pixkat freskatuz, atertu ondoren motxila
prestatu eta jantzi egin naiz. Irteerara goazela proba ordu bete atzeratu dutela enteratzen gara eta berriz furgonetara itzultzen gara. Antolakuntzak erabaki gogorrak hartu behar izaten ditu batzuetan korrikalarien segurtasunerako.

Tximista galantak zerua argituz eta beroa dago 20º irteera aurretik, hezetasuna ere galanta!! Lore eta Mareri muxu bana , besteei bostekoa eta banoa irteerako txipen kontrolera. Animoso eta guztiz motibatuta nago eta buruari lasai ateratzeko behin eta berriz errepikatzen.


Aurreskua eta 00:00 IRTEERA!!!

Ederra irteerako atzera kontaketa eta hasierako metroak, jende asko kaleetan eta gu bagoaz!! Inork ez du frontala pizten, nik ere ez eztakit zergatik...  aaah lehenengo kmak kaleetan zehar dira eta ez dago beharrik...

Lehenengo taldetxo batek aurrera egin du 10 bat lagun joango dira eta ni bigarren taldetxo baten noa nire buruari eusten aurrera ez joateko. Ordiziko kaleetara heldu gara, taldetxoaren buru noa jendeak ardo eta garagardo botillak jartzen dizkigu eskura, baina nik orain ura nahiago... bihartik aurrera ikusiko dugu pentsatzen dut. Atzera begiratu eta taldetxoan Aitor Ota oñatiarra ikusten dut, agurtu eta aurrera, primeran goaz pentsatzen dut, badakit proba luzea dela eta aurrean jendeak pott egingo duela.

 Zaldibira bidean lehenengo aldapak hasten dira eta niretzako berria dena iluntasuna...  Frontalaren argitan lehenengo taldea hurbil daukagun arren gu gurera nahiko lasai aurrera goaz, horrela Aitor Ayala Eskoriatzarrarekin bakarrik geratu naiz eta berarekin iristen naiz Zaldibira.

Bero dago eta anoa postuan trago bat egiten geratu gara biok hau luzea data, nireei hatzamar lodia
jaso eta gustora bagoaz Larraitzera. Aldapa gehiago eta lehenengo taldetxotik jendea geratzen ikusten dugu, bat hain zuzen Zigor Iturrieta, lasterketa irabazteko faborito nagusia. Honek erritmo berdinean aurrera jarraitzeko pista ematen digu...  bero!!!  izerdi patxetan!! hezetasuna!! baina sentsazioak ezin hobeak dira!!
Tontortxo batera heldu eta orain beherantza Larraitzera!!! Goraka ederki noa, ez azkarregi baina erritmo onean, Aitor atzean jarrita daukat eta honek erakusten dit erritmoa ona dela ez bainoa ez azkarregi bera atzean uzteko moduan, ez motelegi berak aurrera egiteko moduan.Lehenengo gela hartzen dut.

Larraitzera bidean lehenengo arazoak hasten dira, frontalarekin borrokan nabil, aldapa behera asko mugitzen zait eta momento batzuetan ez dut ezer ikusten, Aitor atzean utzi dut, aldapa behera hobeto noa... baina berriz frontala... aurreko taldetxoa ia harrapatu dut. Baina gelditzea erabakitzen dut txisa egin eta frontalaren arazoa konpontzeko, frontalari buelta eman eta benga aurrera!

Aurreko taldetxoa aurrera joan da eta aitorrek harrapatu dit anoa postuan, lasai hartu dut ondo hidratatu eta zerbait jateko. Benga orain txindokirantza!!!  Nireak animatzen eta pixkat urduri somatu ditut eta  "LASAI" ohiukatzen diet! Postuak aurreratu ditudala ikusi dute eta oso ondo noala eta honek beraiek ere motibatu egin ditu.

Aitor Eskoriatzarra pixkat aurretik atera da anoa postutik baina ni berehala bere atzetik. 20 metro aurretik doa baina bere erreferentziarekin igoera ona egingo dudala pentsatzen dut, erritmoa igo gabe eta korrika txikian grabillazko bidean ondo noa!!  Kamel baka bete dut anoa postuan ia hutsik baineukan honek erakusten dit bero dagoela eta hezetasun handia! Grabillazko bidea utzi eta ezkerretara hartzen dugu, oinez hasi gara.
Gauaren iluntasunean Aitor gero eta aurrerago doa eta nik ez dudala aurrera egiten ematen du, gero eta gehiago kostatzen zait erritmoa jarraitzea eta  moteldu egiten naiz.Aitor gehiago ez dut ikusiko lasterketa bikaina eginda 6. amaituko zuen, Garaipen bikaina !!




 Horrela atzetik Ixaka Oñederrak eta Joseba Tobarrek harrapatu naute, ez noa lehen bezain gustora eta berotasunak hasten zaizkit, oin ,sabel, buru eta gorputz guztian... Bi hauei ere ezin diet jarraitu eta behi artean goazela aurrealdean galtzen ditut ... Ixakak atzetik aurrerako lasterketa eginda 4. bukatuko zuen, Ederra garaipena honena ere!! Josebak... bueno Josebarena gero kontatuko dut...

Horrela aurrera noala ura edaten dut pilo bat baina ez zait egarria joaten, edan eta edan eta alferrik... gel bat hartzen dut ia errekuperatzen dudan baina alferrik,Joxi Garmendia korrikalariak ere pasa egiten dit, bere animoek ez diote gorputzari buelta ematen laguntzen, baina eskerzen da beste korrikalariek animatzea. Joxi ere aurrera doa!! Bikain zioala tremendako takatekoa hartu eta utzi egin beharko du Lizarrustin... Eskerrikasko Joxi zure animoengatik eta animo hori pasatuko da ta!!

Iturrira heldu eta edalontzia bete ur edaten dut... alferrik! kauen dios!!! Leporarteko bidea bakarrik eta nahiko txarto pasatzen dut, bero daukat, izerdi patxetan noa eta sentsazio txarrak ditut.Txindokiko  lepoan txalapartak burukomina sorrarazten dit, plazerra beharrean eta hau bai ez dela normala... izugarri gustatzen baitzait... momento honetan eta txalapartaren soinuarekin eta mendiaz disfrutatzen doazen bi korrikalarik pasatzen naute Iker Urizar eta Aitor Otamendi
Oñatiarra, Aitor ni animatzen saiatu da baina alferrik... Ikerrek 8. amaituko zuen eta Aitorrek lasterketa bikaina eginez 9. Zorionak ederra garaipena bikote!!!

Lepoan txipa pasatu eta gaueko bakardadean aurrera egiten dut nola edo ala egoerari buelta emango diodan itxaropenarekin... Ganbo eta uarrainerako bidea oso luzea egiten zait, erdi mareatuta eta okaraka noa, gorputzak ez du sartu diodan ezer asimilatu eta" corte de digestión" delakoa ere izan nezake, eztakit zer gertatzen den bakarrik noa eta hori ere ez da lagungarri momento hauetan, oinez egiten dut ia lepotik uarrainerako bide osoa. Azkenean uarrain!!! Pufff!! Gaizki noa eta burua
bueltaka...(literal) oraindik asko falta da eta ni horrela... lasterketa uzteko pentsamenduak etortzen zaizkit burura...aladapa behera pare bat aldiz erortzen naiz, zorionez minik hartu gabe...Hau ez da normala abiadura honetan beheraka erori??? Beti ondo konpondu izan naiz beherantza ta gaur?? Iluntasunak ez du laguntzen baina nire gorputzaren egoerak ere ez.

Lareoko urtegia pasa eta korrikalari bat lurrean ikusi dut, Joxi da eta Josebarekin dago! Nahiko kolpe txarra hartu du eta erdi konmozionatuta dago Josebak kontrolean abisatzeko esaten dit bera geldituko dela berarekin laguna duela eta... Nik orduan aurrera egin eta Lizarrustirako bidea hartzen dut, bidean antolakuntzako bolondres bat badoa Joxiri laguntzera.

Azkenean Lizarrustira heldu naiz, nire egoera zein den esan diet familiako eta  gurutze gorrikoei eta hauek azterketa bat egin  didate. Pultsua eta tentsioa ondo nituen arren odoleko azukrea bajo minimos nuela eta erretiratzea aholkatu didate. Aurrretik ya buruan narabilen erabakia hartzeko behar nuen aholkua izan da. Kriston penaz baina uztea erabaki dut onena izango delakoan.

"Una retirada a tiempo... ba ez ez da Garaipen bat. Erabakia hartzen duzunean behintzat ez da garaipen bat lortu duzunaren sentsazioa, kontrakoa esango nuke nik!!Eta zer esan gorputzekoak, zer esan zure erabakia hartzearen erruduna izan denagatik... Burua buff... zenbat sentsazio eta pentsamendu!!
 
Eskerrikasko Ixaka, Aitor, Iker, Joxi, Iker, Aitor eta Joseba nere abenturatxoan ondoan egon, protagonista izan eta bidaia politagoa egitearren.Eskerrikasko zuen animoengatik!! Ez dut garaipenik lortu baina asko ikasi dut, hurrengoan gerra emateko itzuliko naiz!! Oraingoan garaipenaren aurpegietako batzuek zuenak dira ZORIONAK!!

Zorionak familia beti hor zaudetelako, zuena bai Garaipena!!



Garaipen bikaina Iñaki(1), Gaizka(3) eta Juan(2)!! Zorionak!!!!



Zorionak arazoak arazo proba bukatu ahal izan zenuten guztioi!!Garaipen bikaina!!

 
  Zorionak benetan Ehunmilak proba gogorra bukatzea lortu zenuten guztioi, bereziki zuri Iker!!Garaipen Bikaina!!

 
Eta bereziki bi hauei, Ikaragarria Imanol eta Javi!! Eta gainera errekorra!!  bua zenbat daukadan ikasteko!!Garaipen Bikaina!!

 
Ez zait ahazten ez!!  Zuri ere bereziki zorionak Joxelu!! Hi haiz hi!!! 50 urteak pasa ta gazteei egurra ematen... Hitzik Gabe...Garaipen Bikaina!! (3min 28s- 4min 40s)
 
 



 
 
ZORIONAK BAITA ERE ANTOLAKUNTZAKO 1200 INGURU BOLONDRESEI, ETA BAITA GURUTZE GORRIKO LAGUN GUZTIEI ZUEK BAI IZANGO DITUZUELA 1000 ISTORIATXO BESTE 1000 GARAIPENEKIN!!! Gure segurtasuna bermatzeagatik hartu zenituzten erabaki zuzen eta okerrengatik, denok ikasiko dugulako eta ikasten jarraitu dezagun...!! Zorionak zuen garaipenagatik!! Zorionak hain ondo zaindu eta mimo guztiekin hartzeagatik!!





BAINA BEREZIKI GAUR ZU ZARA GARAIPENIK HANDIENA LORTU DUENA JOSEBA! ZORIONAK PROBAKIDEAK ANIMATZEAGATIK NI BARNE, ZORIONAK JOXI LAGUNA LURREAN IKUSI ETA BERAREKIN 40 MINUTUTIK GORA GELDITZEAGATIK PROBA BIGARREN PLANO BATEN UTZITA!, HORI GUTXI BALITZ, LIZARRUSTIRA HELDU , JOXIREN GURASOAK LASAITU ETA NI BERRIZ ANIMATZEKO ASTIA HARTU DUZULAKO,ONDOREN PIXKAT JAN ETA PROBA IZAUGARRIA EGINEZ 11. BUKATU DUZULAKO DENGORA ONA EGINEZ.

ZORIONAK ETA ZUREA BAI GARAIPENA JOSEBA TOBAR!!
BESARKADA HAUNDI BAT!!


 Zein ederra den kirol hau, zein ederra ilargi eta tximisten argitan gauez den mendia , zein ederrak ia ikusten ez diren bidetxidor eta errekatxoak, zein ederrak familia eta ikusleen animoak, zein ederrak antolakuntzakoen mimo eta zainketa guztiak, zein ederrak  diren garaipenaren 1000 aurpegiak.

3 comentarios:

  1. Zuria be garaipen ederra! Erabaki zuzenena zalako momentu horretan! Eta ez da errexa. Oin lenengo momentuan esan notzun moduan balorazio sakon eta zintzo bat in, zerk itten dotzun on eta zerk ez ikusi eta zuzentzen saiatu. Alik eta lasaitasun haundixenakin hartu eta aurrera. Deskantzau gorputzez eta buruz. Gu askotan urduri jarri eta nahiz eta intentzino honenakin in, ittotera be ailau gehike eta hori be gure aldetik zuzendu biharra daku eta zure espazioa errespetatu eta urrutixeagotik babestu. Ondo inddakuak hartu eta gaizki inddakuak ZUZENDU! BESARKADA HAUNDI BAT TXAPELDUN!!!

    ResponderEliminar
  2. Aupa mutil:
    Hilabete terdi ezautu nizula Ainsako ultran, eta nungoa izan? Oñatiarra. Lagun onak badauzket nik bertan eta gainera, zu bezelaxe kirolari bikainak.
    Ordundik zure bloga seitzen det eta ZORIONAK, kronika polit eta interesgarriak, gainera argazki ederrekin osaturikoa.
    Zukin hitzeiteko aukera askorik ez det izan, baino aurtengoa planak antzekoak izan ditugu. Ultra munduan mutturra sartu eta probatxo bat egitea, ta egia esan etzaigula gaizki eman, ez? Ainsan podiuma zapaldu eta zuk beste lasterketan baten garaipena, ez dao gaizki.
    Nere aurtengo erronka G 2 zan eta zurea ere hala zala ustet. Zure lasterketako kronika hor dao, zehatz aztertuta, tan ere ustez egun txar bat besteik etzan izan. Larraitzera ailau ta hain goiz sensazio txar hoiek? Hoi ez da normala, eta erritmoa ere ez zan oso azkarra, beraz pentsatzet daoneko borron y cuenta nueva eingo zendula baino, animo ta hurrungo urten G2 edo beste erronka batzun bila, bai hoixe.
    Beste alde batetik nei gertatutakoa, ze esango ba, asko eskertzen ditut zure hitzak, hainbestekoa etzela izan uste arren, eta nik bai eskertu nahi niokela beste korrikalari bati, Jon Erdaide, bea izan bait zen aurrena beakin geatu zana eta gero denbora luzez nere ondon eon zana laguntzen, mila esker Jon!!!
    Bueno Iokin ez dakit aurtengo udara udazkenerako ze plan dauzkezun, baino segi zure blog-ean gauzak idazten eta ikusiko gera berriz nunbait, seguru…
    ZORIONAK eta ANIMO!!!

    ResponderEliminar
  3. Aupa Joseba eskerrikasko zure hitzengatik, barkamenak lehenengo Jon Erdaideri eta nere omenalditxoa berari ere joxiren ondoan egoteagatik ez bainuen nire kronikan atera. Batetik ez nuelako ezagutzen eta bestetik ikusi ere eztakit ikusi nuen ere... gorputza nuen bezela izanda metro betera zer nuen ere ozta ozta ikusten bainuen...

    ResponderEliminar