2013/07/03

NIRE LEHENENGO ALDIA

Rodellar eskalatzaileentzat den bezala Ainsa BTT zaleentzako leku aparta da, baina korrika egiteko ere leku izugarri politak ditu.Egonak ginen bertan baina itzultzen garen bakoitzeko liluratuta geratzen gara bere paisaia eta bere alde zaharreko kaletxoekin.

 
 
Bertan egin dut nire lehenengo ultratraila. Nire lehenengo aldia izan da.


Lehenengo aldiagatik hitz egiten dugunean denok gogoratzen dugu esperientzia ez oso on baina aberasgarri batekin.


Hasierako ezjakintasun eta desio amaigabeak
 abentura bilakatzen dute,
 ondorengo urduritasun eta beroaldiak  ,
arriskatzera ausartzen gaituzte
 fereka eta laztan goxoek
plazerrera garamatzate ,
izerdi, usain eta min berriek beldurtu arte.
 
 
 
 
 Askotan,ez da bete beteko esperientzia izaten baina errepikatzean bigarrena beti hobea izaten da.
 
 
 
 
Lehenengoa izatean nere  ezjakintasuna nabaria da. Ez dakit gorputzak nola erreakzionatuko duen, ez dakit ze erritmo hartu behar dudan, ez dakit zenbat edan behar dudan ,zenbat jan behar dudan, ez dakit motxilan zer eraman ,ez dakit ezer. Baina nere gogo eta desio amaigabeek abentura honetan murgiltzera animatu naute, ilusioz beterik aurre egingo diot aurrean dudan erronkari.
 
 Goizeko 6:00ak dira, inork ez du berotzen... hau horrela izango al da?  Eguraldi aparta! postal baten antzera Perdido, Cilindro eta Soum de Ramond elurtuta atzealdean, gu 300 korrikalari inguru irteeran, urduritasuna sentitzen dut eta hasteko gogoz nago 66 km aurretik!!

 
 
 
Bagoaz!! 2 korrikalari aurreratzen dira eta gero beste bat, ni laugarren noa oso eroso eta berehala bakarrik geratzen naiz. Eztakit aurrekoek ultra egiteko asmoa duten edo Bielsan amaituko duten maratoia burutuz... horrek erreferentzi falta ekartzen dit eta urduritasuna.


 Lehenengo 15kmtan bi aldiz gelditu naiz txixa egitera, eztakit zergatik? zalantzak ditut... erritmoa izango da... gutxiago gastatzen delako izango da ... urduritasuna...joeee  zenbat zalantza...
 Lehenengo 25kmtan gorabehera ez da izugarria eta erraz egiten da korrika, 22.kman 3.a harrapatzen dut eta berarekin iristen naiz 25kmko anoa postura.





Hemen dago nire taldea izeba eta lehengusua km pila bat egin eta laguntzera etorriak eta nire bi printzesak beti alboan laguntzeko prest. Zer moduz noan galdetzen didate, primeran noala nik erantzun. 3.a ezagutzen dut Nociton 2. egin zuen nire aurretik, baina han galdu eta gainera oso denbora gutxi atera zidan helmugan eta gehiago naizela iruditzen zait momento horretan.



 Orain hasten da benetako lasterketa eta benetako desnibela, aurretik 11 km gora km 1eko atseden batekin baina ia 1600mko desnibelarekin. Gustora noa korrika txikian eta 3.a hamar metro aurretik. Aldapa gogortzen da eta bere aurretik jartzen naiz, nere ezjakintasunean erritmoa azkartu dut eta aldapa tentetzen doan heinean atzean uzten dut. Beroaldian arriskatzera ausartzen naiz eta abantaila ederra hartzen dut 30.kman. Hemendik gora beste 6-7km gora!! aupa Iokin Aurrera!!

Tontorra ikusten da baina ez naiz iristen bufff!!! ze gogorra!!  nere beroaldi eta ezjakintasunean ez dut ondo jokatu, ez dut ondo jan ezta edan ere eta azkarregi joan naiz eta orain komeriak!! Izugarri sufritzen noa, lehenengo lehen aurreratutakoak Robertok pasatzen nau eta ondoren Joseba Tovar euskaldunak ere bai, eta ni ezinean... Berriz zalantzak...

Tontorrera heldu naiz 5.a naiz baina lehenengo gauza errekuperatzea dela pentsatzen dut, jan edan lasai egon eta banoa Bielsara 5km behera 1000m desnibel negatiboa. Lasai noa asko falta dela pentsatuz... Bielsara heldu naiz eta bertan esan didate lehenengo biak maratoia egiten ari zirela eta bertan geratuko direla.Beraz 3.a naiz.
 Joseba harrapatu dut, baina Robertorekin 4 minutuko atzerapena daukat tontorrean galdutako denbora. Ondo jan ondo edan nireak agurtu eta Joseba atera eta minutu batera edo aurrera egiten dut.


Oraingoan lasai Iokin!! (nere buruari) beste aldapa baten aurrean gaude eta lasai igotzea erabakitzen dut tramu asko oinez egiten ditudalarik, zalantzak ditut eztakit astiroegi noan edo zer...

 
Momentu batean Joseba aurrean ikusi dut oso hurbil baina ez naiz itsutu eta erritmo berdinean jarraitzen dut. Basotik atera eta argiune baten aurrenekoa ere ikusten dut baina nahiko urruti. Erritmo hobean freskoago noa hobeto... Azken metroak gogorrak egiten dira aldapa tentea baita!!















Azken metroak eta tontorra!!!  Txipa kontroletik pasa eta anoa postura noa.Paisaia izugarriak! Dena berde berde! elurra inguruko tontorretan... 2000 metroan nago eta eguzkiak gogor jotzen duen arren haize pixkat dago eta ez dago horrenbeste bero. Beste bi munutu galdu ditut igoeran nere bi aurkariekiko baina orain freskoago nago eta jaitsiera ederra daukat, azken bi aldapak etorri aurretik.
Anoa postuan zerbait jaten dudan bitartean bertako batek kamel baka betetzen dit, mesede galanta!! pentsatzen dut ,Eskerrikasko esaten diot!

Robertorekin 7 minutuko desabantaila daukat eta Josebak 3 minutu ateratzen dizkit. Banoa beherantza!! Benga!!orain bai!! Haize leunak nere gorputza ferekatzen du beherantza noala izugarri disfrutatzen noa eta Joseba harrapatzen dut. Ez doa ondo nahiko nekatuta doala esaten dit eta aurrera egiteko paso ematen dit. Benga Iokin goazen!!
 
Mendian behera besoak ireki eta haize leunak ferekatzen zaituela sentituz,inguruko mendien laztan goxoak sentitzea izugarrizko plazerra da. Ondo noa eta berehala utzi dut Joseba atzean, maratoi erdia egiten ari direnak pasatzen hasten naiz eta lehenengoa gertu daukadala esaten didate... Honek animatu egiten nau, goazen Iokin harrapo inbiozu!!!! Kamel bakari tira eta...  dios zer gertatzen da betea daramat baina urik ez dator tubotxotik... ze kristoo! motxila kendu pixkat ustu pixkat edan eta arazoa konpontzen dut. Denbora ederra galdu dut!!!
 
Hurrengo anoa postura heldu eta 10km inguru falta zaizkit 3-4 minutura daukat Roberto eta aurretik 2 aldapatxo. Ondo noa eta gogor hasten naiz aldapa gora!! oso juxtu heltzen naiz gora izerdi hotza, izerdi usaina , beroa... ufff beherantza pixkat azken aldapatxoaren aurretik baina azken kartutxoa erre dudala iruditzen zait,indarrez juxtu noa ustuta. Lehenengo partean indarrak gorde banitu...? pentsatzen dut kauen ...haserretu egiten naiz neure buruarekin.
 
Azken aldapan noa oinez,  Mikel lehengusua igo da azken kmtan laguntzera. Oso juxtu noa ezin korrika egin gutxi falta dela esaten dit tontorrerako... Nere bizitzako 200m luzeenak Mikel!! Benga orain behera!!
 Punbaaaaa!!! harri baten kontra orkatilaz jo eta lurrera!!  Hau mina! erdi mareatuta nago geldi .Mikelek ea ondo nagoen nik baietz!! Nahiko beldurturik orkatila nola edukiko dudan... amaitzera noa!! oso luze egiten zaizkit azken 3kmak baina azkenean helmugara iristen naiz.
 
Robertok azkenean 7 minutu atera dizkit eta Josebari 13 minutu atera dizkiot azkenean. Denborek berdin dute!! Asko ikasi dut lasterketan eta pozik ospatzen dugu bigarren postua!! 
 
Roberto hurrengoan irabaziko diat!!! pentsatzen dut.
 
 
 
 
Nere lehenengo ultratraila ere ez da bete beteko esperientzia izan,baina errepikatzen denean bigarren aldia hobea izaten omen da!! 
 
G2Hetan ikusiko gara!!!!
 
 
 
  
 



No hay comentarios:

Publicar un comentario